Zer da paisaia, eta nola eraldatzen da?
Gure abiapuntua irudimena da, oraingoz. Imajinatu dezagun une batez Eusko Jaurlaritzak lehiaketa baterako deialdia egin diela ikastetxeei euskal paisaien eraldaketaren inguruan, helburutzat hartuta euskal paisaien eboluzioari buruzko artxibo bat sortzea nerabeen ikuspegitik, halako gaietan oso kontuan hartzen ez den ikuspegia izanik. Horretarako, parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak kontakizun digital bat edo gehiago prestatu behar ditu kokatuta dagoen tokiko edo udalerriko paisaien eraldaketari buruz, paisaia horien etorkizuneko eboluzioari buruzko poster batekin edo gehiagorekin batera. Gure azken xedea izango da kontakizun digital horiek eta poster horiek prestatzea, eta xede horretara iristeko paisaia irakurtzeko betaurrekoak jarriko ditugu, eta arreta handiz behatuko dugu. Has gaitezen paisaia zehazki zer den argitzen.
1. Ideia-zaparrada: Zer da guretzat paisaia?
Paisaiari buruz ditugun aurreneko ideiak biltzetik hasiko gara. Ez da beharrezkoa ideia landuak izatea, ez eta zuzenak ote diren ziur egotea ere; azken finean, lehenengo ideia-jasa izango da hau. Bakarka pentsatzeko tarte bat hartuko dugu, eta 1-3 ideia idatziko ditugu. Ondoren, sortu diren ideia guztiak taldean partekatuko ditugu eta haiekin mural bat egingo dugu, izenburu hau izango duena: Zer da guretzat paisaia?
Mural hori begien bistan edukiko dugu sekuentzia didaktikoak irauten duen denbora guztian, paisaiari buruz gehiago jakin ahala gure hasierako ideiak nola doazen aldatzen eta aberasten ikusteko.
2. Bilatu dezagun inspirazioa paisaiaren eraldaketaren inguruan
2.1. Liburu bat da paisaia
Goaz irakurtzera testu labur bat, Questo è paesaggio. 48 definizioni izeneko liburutik hartua, Franco Zagari arkitektoak eta arkitekto paisajistak idatzitako liburutik, eta planteatzen zaizkigun galderei erantzuten saiatuko gara. Lan hori bakarka egingo dugu gure koadernoan, eta gure erantzunak hiru-bost lagunek osatutako taldeetan partekatuko ditugu, gure erantzunak alderatu eta hobetu ahal izateko. Gure koadernoa erabiliko dugun jarduera guztietan bezala, koadernoa ebaluatzeko errubrika bat erabiliko dugu.
Paisaia entitate bizidun bat da, denboran zehar aldatzen doana; banako ekintzen batuketa amaigabe bat, ohituren, arauen edo legeen alde edo aurka leku bat interpretatu eta aldarazten duten ekintzena. [...] Paisaia jaio, eboluzionatu eta hil egiten da pozaldietan, geraldi luzeetan, ustekabeko krisialdietan, estasi aldietan eta hondamendi aldietan zehar. Tradizioek, berrikuntzek, iraultzek mugitzen dute paisaia, eta paisaia horretan bizi den komunitateak etengabe eboluzionatzen ari den testu batean bezalaxe ikusten du bertan bere burua.
Franco Zagari
3. Sekuentzia didaktikoa ezagutuko dugu
Orain, irakaslearen eskutik ezagutuko ditugu sekuentzia didaktikoaren helburua, zereginak eta jarduerak, baita ebaluaziorako erabiliko ditugu irizpideak eta tresnak ere.
Ikasitakoaren Egunerokoa
Sekuentzia didaktiko osoan zehar egingo dugun bezala, ikasitakoaren eguneroko labur bat gehituko diogu gure koadernoari, gure kezkak, aurrerabideak eta zalantzak adierazteko. Orain, gure aurreneko sarraldia egingo dugu egunerokoan.
Sekuentzia didaktiko hau hastean, galdera batzuk egingo dizkiogu gure buruari:
- Zeintzuk iruditzen zaizkizu garatu behar ditugun ideia garrantzitsuenak? Zer espero dut ikastea sekuentzia didaktiko honetan zehar?
- Ba al da ulertzen ez dudan ideiarik edo kontzepturik?
Hamar edo hamabost minutu emango ditugu galdera hauei buruz pentsatzen, ondoren gure ondorioak gure egunerokoan idazteko eta, gero, ikasgelan bateratze lana egiteko.
Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons: aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia